XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Baina, zer ikusi zenuen? -galdetu zuen Van Cheelek.

- Ustez ikusi nuena hain zen harrigarria, non edozein pertsona zentzudunek ez zuen egiatzat onartuko.

Zure etxean egon nintzen azken egunean, baratzean ilunabarreko distirari begira gelditu nintzen.

Bat-batean, mutil bat ikusi nuen zelai batean, ni bezala ilunabarrari begira.

Haren jarrerak mito paganoetako basa-fauno bat gogorarazten zuen eta modelotzat kontratatzea pentsatu nuen.

Baina orduan eguzkia desagertu zen, eta paisaiako kolore laranja eta arrosa desegin ziren, gris eta goibel geldituz.

Eta, aldi berean, gauza harrigarri bat gertatu zen...

Mutila ere desagertu zen!

- Nola? Ezerezean desagertu al zen? -galdetu zuen Van Cheelek urduri.

- Ez; hauxe da beldurgarriena -erantzun zuen artistak-; mutila egondako zelaian otso beltz handi bat zegoen, hagin distiratsuak eta begi hori ankerrak zituena.

Ez dakit zer pentsatuko duzun...

Van Cheele ez zen pentsatzen gelditu, ordea.

Azkar baino azkarrago joan zen geltokirantz.

Telegrama bat ipintzeko ideia baztertu zuen.

Gabriel-Ernst giza-otsoa da ipintzea alferrik izango zen egoera deskribatzeko, eta izebak mezu kodetu bat zela pentsatuko zuen.

Itxaropen bakarra etxera eguzkia sartu orduko heltzea zen.

Trenetik jaitsi zenean, taxi bat hartu zuen, eta geldi-geldiro eraman zuen ilunabarreko eguzkiak gorriztaturiko bideetan zehar.

Heldu zenean, haren izeba askariko pastelak eta marmelada gordetzen ari zen.